Manual de Terapeutica en Atencion Primaria.pdf

Vista previa de texto
HITZAURREA
Profesional medikoen jardueran funtsezko eginkizunetako bat da medikamentuen preskripzioa eta, horretarako,
nahitaezkoa da etengabeki eguneratzea. Halere, aldizkari medikoetan argitaratzen den informazioaren ugaritasuna
dela eta, ia ezinezko gertatzen da berrikuntza zientifiko guztiak sen kritikoaz irakurri eta interpretatu ahal izatea eguneroko praktikan barne hartu aurretik.
Bestalde, kontuan edukirik merkatuan dauden espezialitate farmazeutikoen kopuru handia, egiazki garrantzitsua da
medikamentuen hautaketa egitea hainbat arrazoirengatik:
— Lehenengo eta behin, beharrezko farmakoak eskuratu ahal izatea bermatzeko, irizpide hauen arabera: eraginkortasuna, segurtasuna, egokitasuna (tratamendua egitea errazten edo oztopatzen duten propietateen multzoa) eta
bidezko prezioa, premien eta lekuan lekuko baldintzen funtzioan.
— Bigarren, medikamentuen erabilpen zuhurra segurtatzeko, medikamentuaren prozesuko kate begi guztiek parte hartzen duteneko estrategia global baten bitartez (industria farmazeutikoa, arduradun sanitarioak, finantzatzaileak, banatzaileak, preskribatzaileak eta erabiltzaileak).
Gainera, familiako medikuak egunero atenditzen dituen prozesuak era guztietakoak eta konplexutasun handikoak
dira. Inguruabar hauek areagotu egiten dute praktika medikoaren aldagarritasuna, asistentzia maila guztiek berez
ere badutenaz gain.
Horregatik guztiagatik, Osasun Sailak eta Familiako Komunitateko Medikuntzako Euskal Elkarteak (OSATZEN), oharturik beharrezkoa zela Terapeutikako Eskuliburu bat edukitzea, eginkizun horri ekin zioten 1990 urtean. Lan bateratu
haren emaitza izan zen Lehen Mailako Atentzioko Terapeutika Eskuliburuaren lehen edizioaren argitalpena,
1991n. Geroago, 1997an, eskuliburu horren bigarren edizioa argitaratu zen eta orain, 2006an, hirugarren argitalpena kaleratzera goaz.
Lehen Mailako Atentzioko Terapeutika Eskuliburuak bere orrialdeetan barne hartzen ditu, egileen esperientzia profesionala ez ezik, familiako medikuak bere profesioaren jardueran aurre eman behar izaten dien problema asko eta
askori buruzko ezagutza zientifikoaren eguneratze arretatsu bat. Erreminta bikain honen lehen helburua familiako
medikuari erabakiak hartzeko unean laguntzea da eta, ondorioz, gizarteak bere eskuetan jartzen dizkion baliabideen erabilpen zuzena bermatzea, horixe baita geure ahaleginak euskal gizartearen ongizatera bideratzen ditugunok geure gain hartua dugun konpromisoa.
Azkenik, neure esker ona agertu nahi diet Eskuliburu honen elaborazioan parte hartu duten familiako mediku, farmazialari eta pertsonal administratiboari. Egin dituzten ekarpenei esker beren ezagutza eta esperientziak osasuneko
lankide guztien zerbitzura jarri dituzte eta, horrela, Lehen Mailako Atentzioko asistentzia sanitarioaren kalitate maila
goratzen lagundu dute.
GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR
OSASUN SAILBURUA
16
MANUAL DE TERAPÉUTICA EN ATENCIÓN PRIMARIA
