Caja PDF

Comparta fácilmente sus documentos PDF con sus contactos, la web y las redes sociales.

Compartir un archivo PDF Gestor de archivos Caja de instrumento Buscar Ayuda Contáctenos



Hirurehun..... Mamiazala AZKENA IPAD .pdf



Nombre del archivo original: Hirurehun..... Mamiazala AZKENA IPAD.pdf
Título: Hirurehun.....MAMIAN
Autor: Joseba Mikel Ugalde

Este documento en formato PDF 1.5 fue generado por Microsoft® Office Word 2007, y fue enviado en caja-pdf.es el 27/02/2016 a las 21:14, desde la dirección IP 85.85.x.x. La página de descarga de documentos ha sido vista 1782 veces.
Tamaño del archivo: 1.4 MB (160 páginas).
Privacidad: archivo público




Descargar el documento PDF









Vista previa del documento


© Joseba Mikel Ugalde Erauzkin
ISBN: 978-84-15508-04-5
Lege gordailua:
Argitalpena: Erroteta – www.erroteta.com
Printed in UE
Debekatuta dago liburu honen kopia egitea, osoa nahiz zatikakoa, edozein
modutara izanda ere, edizio honen Copyright jabeen baimenik gabe.

Hirurehun eta hamar
segundo haiek
Joseba Mikel Ugalde

Joseba Mikel Ugalde Erauzkin (Bermeo 1956)
Urteetan Akatz aldizkarian herriko esaerak eta izaerak
kosterrezean arrantzatzen ibilitakoa eta lana “Ai gure Bermio” webgunean,
modu interaktiboan denen eskura sarean eskegitakoa.
*

Orain, “Hirurehun eta hamar segundo haiek” izeneko collagekera honetan,
bizitzako itsaso zabalean, azalean edo sakonean aurkitutako izaera
ezberdinetako gogoetak eta hausnarketak dakarzkigu.
Maisu edo maistra izatea irakaslea izatea baino haratago doa.
Ikasten duguna azkar ahazten dugu, irakaspenak aldiz itsatsita
geratzen zaizkigu. Antonio Agirre “Urertze” maisua zen eta horrela
gogoratzen dute harekin ibilitakoak.
Behin Urertzek, ikasturte berrirako hiru helburu jarri zituen.
Baina gorago dagoen beste bat ere erein eta jorratu zuen.
Entzutean, besteengan ere entzutea sustraitzea.
Eta guzti hau oparien bidez egin zuen.
Urertze, kate, soka edo lotura bat baino ez da.
Neurri, kolore eta norabide ezberdinetako gogoetak elkartzeko sortua.

Hitzaurrea
Markos Zapiain

Maitasuna Institutuan
Bermeon aspaldi irakasle ibilitako Antonio Agirre hil egin
da. Urdiainen jaio bazen ere, ura behar zuen alboan, ur
ertzean bizi. Ikasle batek Urertze ezizena jarri zion. Haren
heriotza aitzakia, sakabanatu samar ibiliriko ikasle
batzuek biltzea erabaki dute, Urertzeri loturiko
oroitzapenak berpizteko.
Matematikako irakaslea zen arren ez zitzaion zentzuzkoa
iruditzen letretako ikasleek logika baztertzea, ezta
zientzietakoek kontatzeko eta idazteko trebetasuna galtzea
ere. Halatan, egunero, ikastorduko aurreneko bost
minutuetan berbazko opari bat egiten zien ikasleei; eta
azkeneko hamar segundoetan etxerako lana ipintzen zien,
istorio bat jorra zezaten, biharamun goizean ikaskideen
aurrean kontatzeko. Ikasgelan sartu bezain laster,
horrenbestez, ikaslearen berbaldia eta maisuaren oparia.
Guztira, hirurehun eta hamar segundo irakasgai ofizialetik
kanpo, ikasleen garunak piztu eta bizitzak dakartzan
korapiloetan buru argiz murgiltzeko moduko
deskribapenei, oroitzapenei, elezaharrei, paradoxei, hitz
jolasei eskainiak. Eta, batez ere, ikasleak kontalari
bilakarazteari, beren etxeetan eta inguruan zutenaren
poesia, adierazten laguntzeari, ikusgaitza baitzitzaien
ia beti, edo gutxietsia.

7

Ni bezalako irakasleoi, sarriegi etsita gabiltzanoi, arnasa
eta eredu zaigu Urertze, irakaskuntzaren funtsezko
Hirutasun Santua berezkoa baitzaio: maitasuna, jakintza
eta legea, hurrenez hurren. Behar bezala dabilen maisuak,
hiru indar horiek eskaini behar dizkio ikastordu
bakoitzean ikasle bakoitzari, eta hirurak aldi berean. Izan
ere, maitasunari jakintza eta legea kendu eta berehala
bihurtzen da ikasgela anabasa eta intzestu. Jakintzak,
berriz, datuak eta kontzeptuak diren heinean, autista dira
berotasun pedagogikorik gabe, bizitzatik erauziriko zama
hotza. Azkenik, maitasunik gabeko legeak, ikastetxean,
zigortzeko irrika itsua bihurtzeko arriskua du; eta
beldurraren gainean ezarririkoak ez du “lege” hitzaren alde
noblea barnebiltzen, sadismoaren mozorro hutsa baita.
Maitasuna, jakintza eta legea aldi berean eskaintzea da
ikasleengan epe luzera esker oneko arrastoa uzteko bidea,
Urertzeren uberan. Gurasoentzat ere balio du semealabeiko harremanetan, eta ia edonolako autoritaterentzat.
Urertzerengandik jaso beharreko beste irakaspen bat:
benetako maisua irakasteko gai da, jakina, baina era
berean zabalik dago ikasleengandik ikasteko. Egia da
gehiegikeria franko bota izan dela gazteekin
sinpatikoarena jo nahian: irakaslea eta ikaslea maila
bereko solaskideak direla eta antzekoak.

Noski, irakasgai zehatzari dagokionez ikasleak onartu
behar du maisuak gehiago dakiela, entzun egin behar dio
eta harengandik ikasten ikasi. Aldi berean, ordea,
ukaezina da irakasleak ikasleei adi entzuteari zenbait
minutu eskaintzeak gaurkotu, sakondu eta edertu
dezakeela bizitzaren gainean zekikeena, edota
errealitatearen gainean; eta, oroz lehen,
bere buruaren gainean.
Urertzek irakaskuntza modernoaren arrisku handietako
bati aurre egiten dio: zientzien eta letren arteko zatiketa
hemiplegikoari. Gazteak, osoa izatera helduko bada, alde
biak behar ditu barneratu, nola literatura hala
matematika baitira baldintza eta akuilu giza berezitasuna
lora dadin, piz dadin buru argitasuna eta dagoenaren
ulertzea, bizitzan gutxienez behin, heriotzak harrapa
gaitzan baino lehen.
“Akatz” aldizkarian nabarmendu zen Joseba Mikel Ugalde
“Ai gure Bermio!” atalaren bitartez, ezagutza eta grazia
baitzerien haren testuei. Orain, bere betiko gai kutunei,
gizaki guztion kezkak eta elkarrizketak elikatzen
dituztenak (maitasuna eta heriotza, funtsean), bestelako
barrentasun bat erantsi die, testuinguru pedagogiko
sinesgarri batean kokaturik eta irakasle guztion patroi eta
santu behar lukeen Urertze maisuaren figura asmaturik.

Markos Zapiain

9

AZALEAN

Nire ezker oina, urertze koloretsu batean.
Azalpen gehiago, “Hondoan” izeneko azken atalean, (148.orr).

GOGOAN

Entzutea, kontatzea, idaztea eta irakurtzea sustraitzen dutenak.
Irakasteaz gain, irakaspenak ere opatzen dituztenak.
Unai “Fiti” klasekidea eta nola ez “Urertze”.
Eta ezinbestean zu.

Hirurehun eta hamar
segundo haiek
Collagekera

Hirurehun eta hamar segundo, nahiko dira aholku bat hartzeko edo
emateko, ideia bitxi bat izateko, norbait laztantzeko edo kontsolatzeko.
Eta segundo hoiek egunaro izaten direnean, norberaren eta ingurukoen
mundua bera ere, indarberritze eta aldatze bidean izaten dira.

11

Aurkibidea

Hirurehun eta hamar segundo haiek
Ideia, bi hitzetan eta bitsetan

13

Aspaldiko, zer moduz ?

15

Gogoratzen zarete ?

17

Segundo haiek

19

Hondoan

148

Agur

156

13

Ideia, bi hitzetan eta bitsetan
Sarritan zerbait ikustean, entzutean edo irakurtzean, haretaz edo hark
eraginda, beste zerbaitetaz idazteko gogoa izaten dugu.
Baina gehienetan, hitzak kateatzeko ahuleziagatik, gogoeta horiek
ideien linboan edo ezerezen zabortegian geratzen zaizkigu.
Hala ere izaten dira gutxi batzuk, papereratu edo ordenagailuratu
ostean, bizia hartu eta beraien momentuaren zain izaten direnak.
Behin, hauetako batzuk elkarren ondoan aurkitu zirenean,
guztiz ezberdinak zirela konturatu ziren eta guztiek elkar albaintzeko,
hari, soka edo kateren bat behar zutela adostu zuten.
Orduan, ideia zaharrenak “Mundu honetan beti dago loturaren bat
muturrak uztartzeko” esan zuen.
Kolorez, neurriz eta adorez hain ziren anitzak, zail egin zitzaiela zerbait
amankomuna aurkitzea. Goiz eguzkitsu batean, ideia guztiak herriko
talaian itsasoari begira zeudela, haietako batek zera esan zuen,
“Betaurrekodun burusoil horrek gutaz ezer idatzi ez balu,
gu ez ginen hemen izango, ideia antzuak izango ginatekeelako ”.
Atzealdean zegoen ideia batek zera gehitu zion,
“Beraz badugu zerbait lotzen gaituena. Idazle trakets hori”.
Gero ideietatik potoloenak, zera esan zuen, “Itsasertza jotzen duten
olatutxoak, talaiako zuhaitzak edo hegan ari diren kaioak ere, sorleku
berekoak eta berdinak iruditu arren, ezberdinak dira”.

Bazirudien beste egun batez ezer gabe etxeratuko zirela, ideia txikienak
ozenki, “E, ezberdinak gara bai, baina talde berekoak. Beraz,
klasekideak bezalakoak bagara, maisu baten beharrizana dugu”
esan zuenean.
Eta horrela izan zen. Iraileko goiz eguzkitsu hartan, ideia guztiak
klasean sartu eta irakaslearen zain geratu ziren. Maisu haren zain.

“Inoiz esan ez dena, zain dago nork esango”
Anjel Lertxundi

15

Aspaldiko, zer moduz ?
Batzuek egunkarian irakurri zuten albistea, beno eskela,
eta beste batzuek sarean; hala ere, normala denez,
batzuk ez ziren enteratu ere egin.
Hamabiak jotzen ari ziren, udaberriko igande hartan, besarkada artean
eta Aspaldiko, zer moduz ? esanez, eleizara taldean sartu zirenean.
Irteeran, haien aurpegietan atsekabea eta baita malkoren bat ere,
joandakoa denen esanetan onena baitzen. Sarritan oroitzen zuten hark
esandako zerbait edo haren opariren bat.
Hogei urte igaro ziren, institutuan matematikako maisu berri hura
aurkeztu zitzaienetik. Hasieran haren freaky itxurak barre algara eragin
bazien ere, egun berberean denak haren saskian zeuden. Gizon berezia
zen eta halakoek ihes egiten dutenean, harekin izandako pasarteak,
kateatuta azaltzen dira. Eta harenak handiak eta asko ziren.
Hileta amaitu ondoren, zerbait hartzera joan ziren eta haien bizimodu,
lan kontu eta abarretaz aritu ostean, norbaitek egunen batean maisu
hartaz hitz egiteko elkartu behar zirela esan zuen.
Denak ados zeuden, eta ohiko data dantza izan ondoren,
abenduko bigarren larunbata jarri zuten elkartze eguna.
Agurtzerakoan, Koldo Lopategik, “Mamarru” ezizenez ezagunagoa
zenak, zera esan zuen, “ Institutura deitu eta gure kurtsoko
zerrenda eskatuko diet, horrela gero denok sarean bildu
eta egitaraua adosteko”.

Besarkadak eta emailen kontuak emanez amaitu zen “Urertze”
maisuaren azken agurraren eguna.
Mamarruk esan bezala, eskuratu zuen institutuan urte hartako ikasleen
zerrenda eta sareko mezuak tarteko, joandakoari esker, galduta zegoen
haien arteko harremana ere berreskuratu zuten.
Abendurako prestaketak egiten ari zirela, Josebaren mezu batek zera
proposatu zuen.
“Egun horretan txikiteoa, bazkaria eta “Urertze”ren izaeraz aritzea ez
dut uste nahiko dela, bakoitzak ekarri ditzala harekin izandako
pasarteak (gogoratzen zarete egunaroko hirurehun eta hamar segundo
haietaz ?), baina idatzirik, bestela hurrengo astean dena ahaztatuta
izango dugu. Gorka, zu lehena, ezta?”
Ideiak denen onespena izan zuen.
Gehienetan, “Urertze”ren azalpenak eta opariak denen gustukuak
izaten ziren eta urte asko pasatu baziren ere, haientzat bitxiak
eta ahaztezinak ere bai.

"Bakoitzak idazten du ez bakarrik nahi duena
baizik eta ahal duena"
Bernardo Atxaga

17

Gogoratzen zarete ?
Abenduko bigarren larunbatean, Unai “Fiti” moto istripuz hil zena eta
atzerrian zeuden Jon “Hegan” eta Lorea “Beltza” izan ezik,
beste denak elkartu ziren.
Bezperan, Pazifiko erdian arrantzan zebilen Jonen mezua hartu zuten.
Hitz hunkigarri haiek, “Zuekin nago, urertzean !”.Gogoratzen zarete?.
Arbelean hitz potoloz, “Egunaro opari bat eta etxerako lan bat”
idatzirik. Jesarlekua hartzerakoan, denok genuen galdera berbera,
“Nolakoa izango da maisuak emango digun oparia. Hurrengo mezu
batetan, nire etxerako lana bidaliko dizuet. Besarkadak” zioten
Antonio Agirre eskarmentu handiko irakaslea zen, baina testu liburuak
ez zitzaizkion gehiegi gustatzen, erabili beharra bazeuzkan ere.
Hark, klasearen hasieran ateratzen zuen laranja koloreko
kuadernoa zuen gogokoen.
Aurkezterakoan zera esan zien “ Egunon, Antonio Agirre naiz, zuen
matematikako irakasle berria. Ez dut sekula etxerako lanik jartzen.
Itsasoan edo lantegian bezala, lana bertan egin behar da;
etxea, besteak beste, atsedena hartzeko, amona musukatzeko
edo neska-mutil lagunari deitzeko da”.
“Urdiainen jaiotakoa naiz, eta orain arte Urdulizen eta Urnietan
lan egindakoa banaiz ere, orain hemen nago, Bermeon, ur ertzean.
Ikusten duzuenez, nahitaez ura behar dut bizitzeko”,
kurtsoko lehen barre algarak soraraziz. >>>

Irakasleak esandakoa kontuan izanik, goitizenak asmatzen bihurria zen
Kepa “Sagutxu”k, “Urertze” ezizena jarri zion, eta ordutik aurrera
hala izan zen deitua.
Antonio Agirre “Urertze”k jarraitu egin zuen;“Bai, eta esango duzue,
arbelean etxerako lanak jarri dudala, baina lasai, ez dira ikasgaiari
lotutakoak izango, bizitzari lotutakoak baizik. Eta opariak ere ez dira
ohikoak izango, baloiak erraz zulatzen eta puzzleak arin galtzen
direlako, nik betirako opariak ekartzen ahaleginduko naiz”.
Hau esan, klaseko liburua ireki eta gaiari lotutako azalpenak ematen
hasi zen. Noiz behinka adibide bitxi batzuk jartzen zituen,
gaia ikasleen burmuinetan hobeto errotzeko asmoz.
Hark matematikako zirrikituak adibide arruntekin azaltzen zituen, testu
liburua gidoi modura erabiltzen zuela. Gaiaren arabera, ikasleek
bankari, arkitektu, dendari eta beste lanbide batzuk hartzen zituzten,
horrela gero egin beharreko kalkuluak logikoagoak egiten zitzaizkien.
“Ekonomistak, bankeruak, eta kimikoak, esaterako, formulak eta
zenbakiak erabiltzen dituzte; aldiz, filosofoak, filologoak eta
historiagileak hitzak. Baina egunaro batzuk liburuak ere irakurtzen
dituzten bitartean, besteak bankuan edo erosketak egiterakoan
kalkuluak egin beharko dituzte. Beraz, inor ez da bizi
esparru itxi batean.
Hori bai, kontuetarako zaletasuna errazagoa da hedatzea, idaztea eta
irakurtzearena baino, eta hori ekiditzea da nire helburua”.
Ikasleak aho zabalik zeuden, hark esaten zuenari adi. Freaky itxura
zuen, baina tipo jatorra zirudien. Denek“Ea” zioten.

19

Segundo haiek
“Atzo, aurkezpen eguna zenez, ez nuen oparirik ekarri, ez eta etxerako
lanik jarri ere. Gaurtik aurrera, klaseko lehen bost minutuak, opariak
eta etxerako lanak dastatzeko izango dira eta azkenengo hamar
segundoak etxerako lana jartzeko. Denetara egunaro hirurehun eta
hamar segundo izango dira gaitik kanpo, matematika ahaltsuak,
literatura ahulari eskuzabaltasunez emandakoak.
Trukaketa hau gaztetxoa nintzela maisu on batek irakatsitakoa da.
Hark, klaseko azken minutuan, beste norabide bateko galdera bat
egiten zigun edo guk hari. Asko ikasi genuen gizon harekin.
Ahalegindu zaitezte ordu osoan arreta berberaz jarraitzen
eta sinetsi egizue sorbeltzak bezain bereziak zaretela.
Hogei egun daramatzat herri honetan eta gustukoa dut. Ostegunean
portutik ibiltxoan nindoala, arrantzale bat ikusi nuen eta hari begira
geratu nintzen. Gizona batelera zihoan. Gauean, hari galdetu behar
nionari, nik neuk erantzun nion.”
Hau esan, kuaderno laranja atera, arbela ezabatu eta zera idatzi zuen.
*

LEHEN OPARIA

ZER DA ITSASOA ?

Marinelari
batelera zihoala,
Zer da itsasoa, galdetu nion
Zer esango dizut ba, esan zidan
Itsasoa, jarraitu zuen, askotariko asko da.
Asko, izugarria delako eta anitza delako ere bai.
Zer esango dizut ba, itsasoa gauza bat da bertaratzean,
beste gauza bat porturatzean. Zer esango dizut ba, itsasoaz.
Itsasoa zain dagoen lurraldea da, baina zeren zain esango didazu.
Zain dago, esan zuen marinelak. Gauza askoren zain dago.
Esaterako, bertaratzean gauza baten zain dago itsasoa,
porturatzean aldiz beste gauza baten zain.
Itsasoa zain dagoen lurraldea da,
esan zidan marinelak
batelera zihoala.

21

Idatzi egizue poesia hau. Lasai, denen artean, ekipoan. Izenburua
kontuan izanik hamasei lerro ditu, Gorka zuk lehena, bigarrena zuk
Aitor, hirugarrena Arantzak, eta horrela. Gero denak elkartu eta osoa
izango duzue. Elkarlanean edo auzolanean egindakoa, azkarrago eta
hobeto ateratzen baita. Hurrengo opariak idazteko ere,
egizue modu berean.
Etxerako lanak ere ordena berdinean jarriko ditut, hau da, lehen
egunean lehen zenbakia duen Gorkak egin beharko du,
gero Aitorrek, eta gero…
Zerbait egiterakoan hobe arau batzuk jarraitzea, ezinbestekoa da
egiten duzuen denadelakoa, parametro logikoekin egitea.
Hau esan eta buru belarri ekin zion eguneko gaiari.
Klasea amaitzear zegoela, liburua itxi eta zera esan zien;
“Idatziko duzuena izan dadila zeuok asmatutakoa edo ikertutakoa,
laburra edo luzea, baina zeuona. Idazteko grina sustraitzen zaizuenean,
ezbairik gabe irakurtzeko zaletasuna ere loratuko zaizue.
Bihar edo etzi zeuon bideari ekin beharko diozue, hasi zaitezte ba
lehenbailehen pausoak ematen, bidea egiten.
Ez izan beldurrik, jokatu ausart.
Hartu ideia bat, hitzak eta ekin jolasari.
Eta lasai, etxerako lana ez dut hartuko kontuan
zuen eskola espedienterako.”
*

ETXERAKO LANA- Gorka, idatzi egizu zerbait idazleez.

IDAZLEAK ETA BESTEAK
Idazle mexikar gazte batek idatzitakoaz. Ez dakit egun berean
gertatutakoak izan ziren, izeba zaharraren heriotza eta dorre bikien
lurreratzearena. Gauza da, idazle gazteak ez zuen konprenitzen nola izan
zuen sentipen berbera bi gertaerekin. Bien aurrean hoztasun eta
ezaxolatasun (haren hitzetan, zaporebageko tristura) berberaz aurkitu
zen. Ostiralero txokolatea ematen zion izeba maitearen heriotzak, zirrara
egin beharrean antsikabetasunez hartzeak, zer pentsa eman zion.
Dorreena “ulertzekoa”. Ohitu egin gara telebistan agertzen diren
ezbehar eta tragedia guztiak egun batean ahaztera. Halakoetan
hurrengoak itzaltzen ditu aurrekoak.
Izebarena ere harreman kontua izango zen. Lotura testimoniala izango
zuen harekin, txokolatea, ostiraletan, musu bat, ostirala, txokolatea.
Harremana estuagoa izan balu, izebaren agurrak
barruko zerbait astinduko zion.
Idazle frantziar adintsu batek esandakoaz. Trenean zihoan eta haren
aurreko jesarlekuan zegoenari begiratzean, bere bizitzan lehenengo
aldiz, gizon hura bere moduko gizaki bat zela konturatu zen.
Idazleek munduak eraikitzen ematen dute haien denbora eta batzuek,
antza, ez dute astirik besteen aldeko begirune izpirik azaltzeko. Aldiz,
besteak, (gizaki maila ere ez izan arren) haiek eraikitzen dituzten
munduei so egon behar dira, hori bai, noizbehinka haien liburuak erosiz.
Orduan bakarrik hartzen dituzte kontuan.
Idazle batzuk, “liburukoi” hutsak dira.
Azalpenak, “Hondoan” izeneko azken atalean, (148.orr).

23

Hurrengo egunean, Gorkak lana irakurri zuenean, “Urertze”k begiak
negar-samur, bi hitz bakarrik esan zizkion, “Eskerrik asko”.
*

2. OPARIA

ATHIPIKOA
Leku hura benetan athipikoa zen,
kanpoaldera begiratuz gero,
zaldiak, zaldiak, zaldiak, eta zaldiak,
besterik ez zen ikusten.

EGIARIK EGIENA
Egiarik egiena, norberak norberari esaten dion egia da. Hori egia baino
egiagorik ez da, Egiako Egieder Egiak haren hari esandako egia ez
bada. Hala balitz, egia hura, gure itsas hegiko egiazko-iparra, egia
berdaderoa edo gure egietatik egiarik egiena litzateke.
Hitz jokoak ere ematen du poesiarako bidea, zidorra bada ere.
*

ETXERAKO LANA – Aitor izango duzu familian arrantzaleren bat,
aita, aitona, osaba edo ta teilapeko norbait.
Esaiozu gertakizun barregarriren bat kontatzeko.

AZALEKO EGIAK
Itsasoak eman eta eraman

Antzina, txalupek ez zuten oraingo aparaturik, eta atuna arrantzatzeko,
arraina zein hondoetan zebilen jakitea zen garrantzitsuena, horrela gero
erabiliko zuten kordelen luzera egokiena jakiteko.
Behin, heldu zen bermiotar txalupa bat arrain lekura edo kalara eta han
sanandear txalupa bat ikusi zuten arrantzan, eta zera galdetu zioten,
“Sanander, que kordeles andais?; Sandandearrak, bitan pentsatu barik,
zera erantzun zien, “Tintaus !” (tintatuak).
Ez dakigu gure herritarrek egun hartan arrainik izan zuten edo ez,
baina ziur zeozer ikasi zutela. Erantzun denek dute beraien ikasgaia.
Itsasoa mundua bezala txikia denez, nola diren gauzak, beste egun
batean bermiotarra zen arrantzan zegoena, eta sanandear berbera
kalara heldu zena.
Hurbildu eta, “Bermeo, que cordeles usais ?” galdezka hasi zen
sanandearra. Bermiotarrak orduan, berak egun batzuk arinago hartu
zuen informazioa baino gehiago emanez, “Los de Antolin Koixo !”
erantzun zion.
Antolin Koixo, sasoi hartako kordelen eta beste itsas tresnen
hornitzaile baten izena zen.
Azaleko egiak, erdi egiak dira, hondoan dutelako osotasuna.

25

Astelehen goiza zen eta ikasleek oraindik bihotza lo zuten, baina
Aitorrek etxeko lana irakurri zuenean, haien barre algarak alboko gelan
ere entzun ziren. Maisuak, “Isilago, zoragarriak zarete” esan zien.
*

3. OPARIA

AMEN EKONOMIA

Antxontxok amari, “Ama emadazu bost hogerleko !”.
Amak erantzun, “ Lau hogerleko ?, baina zertarako behar dituzu zuk
hiru hogerleko, birekin ere nahiko baduzu.
Hartu bat eta banandu egizu arrebarekin !”.
Merkatuan, merke ateratzeko tratuan ikasitakoa,
etxean ere baliogarria da. Amen ekonomia, ekonomia, amen.
*

Klasea amaitzear zegoela, zera esan zien, “Etxera zoaztenean, bazkaria
prest izango duzue, nahiz eta zuen amek portuan edo lantegian lan
egin. Zuei bost axola, aitak arrainik ekarri duen edo ez, ezta gurasoek
oraindik etxea ordaintzen ari diren ere. Zuok kalera joan aurretik
txanpoi batzuk eskatuko dizkiezue. Pentsatu egizue honetaz”.
*

ETXERAKO LANA – Arantza, zure gaia amona askoren bakardadea.

UDABERRIAREN ZAIN

Orduak ematen zituzten leihoan,
bien muturrek zain.
Atsoak, neguko bisita,
txakurrak gurpila gogoan.

Heltzerakoan, hiru helburu.
Ama besotik, kalean burua garbitzea,
alboko Inesi inbidia ematea,
amorruzko pixa.

Ordu laburrean, dena amaitzean,
iluntze bidean,
“Tor” udaberriaren zain,
ohean zizpuruek, “Aitor” zioten.

27

Urertzek - Arantza, ederra benetan. Musukatu egizue amona egunaro.
*

4.OPARIA

ITXAROPENEZ

Goizeko kafea hartzeko ordua zenez, taberna gainezka zegoen.
Barran bi lagun solasean, norbaitek egindako zerbait zuten berbagai.
Zigarroa eskuetan zuenak zera esan zuen hizkera arruntean,
“Gaiztakeriaren bat egiten duenak, gero ikusi egiten du”.
Haien ondoan zegoen itsuak hori entzutean, ziurtasunez ibiltzeko behar
zuen makila altxatuz, kalerako bidea hartu zuen itxaropenez.

ZINEZ
Ezin zetarik gabe Zarautz, ezta batera zurrut eta putz
*

ETXERAKO LANA - Jon, galdetu egiozu amonari, ea antzinan
nola hiltzen ziren.

NOLA HIL ZIREN ?

Zahartzaroan, emakumeak minbizia (beste errekadua) eta alzheimer
(hazmereir, berarentzat alemana) izan zituen auzotar.
Behin, onkologoarekin hizketan ari zela, hark ea senideak nola hil ziren
galdetu zion. Emakumea patxada handiz hasi zen, bana-banaka etxeko
urlia, berendia eta zerendiaren historia kontatzen.
“Fulano, itzelezko izerditsua zen eta pilota zalea, orduak ematen zituen
pilotaka. Behin pilotalekuan bertan, izerditan blai edo
“izerdi lamatan” hil egin zen.
Benganak, hatzamarrekin hormetako karea karraskatzen zuen eta baita
jan ere. Behin hondartzako harea jan eta itota hil egin zen.
Zutana, meningitisak eragindako burukomin jasanezinekin zebilen, eta,
hori baretzeko, gurasoek erdibitutako uso bat jarri zioten kaskar
gainean. Hil egin zen.”
Onkologoa irribarrez zegoen, baina errespetu handiz, dena entzun eta
idatzi egin zuen. Emakumea ez zebilen gezurretan, esandakoak egia
hutsak ziren eta sasoiko sineskeriaren bat bazegoen ere, gehienak kasu
kliniko arrunt eta ezagunak ziren. Alaba zurtuta zegoen, ez zituen
sinesten amak esandakoak.
Nagusien adierazpenek, sakonean beti izaten dute irakaspenen bat.
Azalpenak, “Hondoan” izeneko azken atalean, (148.orr).

29

Lehen egunean esan nizuen bezala, etxeko lanak laburrak edo luzeak,
zuek asmatu edo ikertutakoak izan behar dira eta Jon,
zure gaurko hau, izugarria.
*

5. OPARIA

OGIAREN EGIA
Gizonak ikasketetarako dohain bereziak zituen. Baina Geologia,
Teologia, Pedagogia, Zoologia, eta Ekologia ikasketak amaitu ondoren,
azkenean okindegia ireki zuen.
Patuaren halabeharrez idatzia zegoela zioten.

ARRATOIAREN AMETSA
“Saguek zahartzerakoan hegan egiten dute” esan zuen arratoiak,
gora begira eta jeloskor.
Inguruan zegoen satorrak irribarre maltzur batez,
“Lelo arraioa !” esan zion beran berari.
Asmakizuna - “Izenez marraskari, zaharra delako hegalari”.
Ea asmatzen duzuen, erantzuna bihar.
*

ETXERAKO LANA - Ibai, zure gaia, abizenak orokorrean.

ABIZEN BATEN JAIOTZA

Normalean izenburuaren kontrakoa izaten bada ere, hau da, jaiotza eta
gero haren abizena, oraingo honetan alderantziz gertatu zen,
abizen baten jaiotza izan zen.
Saramago idazle ospetsuaren aitak José de Sousa zuen izena, baina
herrian “Saramago” ezizenez ezagunagoa zen. Idazlea jaio zenean,
epaitegiko funtzionarioak aitari ea semetxoari zein izen jarri behar zion
galdetu zionean,“ Aitaren izena” esan zuen honek. Erregistrokoak
paperetan José Saramago jarri zuen.
Umea eskolatzerakoan, jaiotza agiria ateratzean konturatu zen Sousa
jauna, semearen izen legala zein zen. Bere benetako eta gustukoa zuen
Sousaren ordez, semeak Saramago abizena zeramala.
Tramite luzeak egin ondoren, konpondu zen arazoa, baina horretarako
aitak hartu behar izan zuen semearen abizena. Saramagok esan zuen
bezala, beharbada kasu bakarra izan liteke, semeak aitari abizena
ematearena.
Saramago (Erysimum officinale edo Sisymbrium officinale) belar arrunt
baten izena da, Galizan xaramago eta Euskal Herrian mendaski izenez
ezagutzen duguna. Mendaski belarra eztarriko edo samako arazoak
(afonia edo eztarria garramatuta dugunean) osatzeko erabiltzen da,
batez ere abeslariek edo lanean berba asko egin behar dutenek.
Jendaurrean ez dut uste berba gehiegirik egitekoa zenik Saramago
ezizena zuenaren Saramago abizendun semea, baina etxean eta lagun
artean ziur nago oparoa izango zuela eta noiz behinka izan zuela
mendaski edo saramago belarren beharrizana.

31

“Ibai bikain”, esan zuen Antonio Agirre maisuak,
“Urertze” ezizenez ezagunagoa zenak.
Eta atzoko asmakizunaren erantzuna ? galdetu zuen. Ibaiek berak
erantzun zion, “Saguzarra !”. “Urertze”k “Ibai, bik hain” esan zion.
*

6. OPARIA

INURRIAK

Udaberrian, bakardadean, parkean jesarrita, orduak ematen zituen
behera begira. Harantz-honantzean zebiltzanek ez zioten kasurik egiten.
Hark inurriak miresten zituen, batez ere haien diplomazia. Behera
begira, parkean eta udaberrian konturatu baitzen, kontrako norabidean
zetozen inurriek, haien ibiltxo azkarrean, elkar hurbiltzean musu batez
agurtzen zirela. Bakardadean, inurriak miresten zituen.

ZERK BESTERIK ?
Zerk bultzatu ote zuen artzain hura, ardiaren esnetara legarra botatzera ?
Hausnartzaile gazteen arteko kontua izango zen. Zer besterik ?
*

ETXERAKO LANA – Amaia, zure gaia herriko euskara.

BOKALAK BOKALEAN
Portu zaharreko bokalean edo ahoan, bilbotar gazte bat. Euskaldun
berria denez, ilusioz beterik dago euskaldun zaharrak entzuteko.
Diotenez, Bilbao izenaren jatorria, bildu eta aho hitzetatik dator, haren
kontrakoa, askao izango zelarik, aske eta aho hitzek sortutakoa.
Gazteleraz, bocana interior eta bocana exterior lirateke parekoak.
Beno ba, gazte bilbotarra Bermeoko bilbaon dago orain.
Gaztea, adi edo antena jarrita dago, euskaltegian ikasitakoa euskaldun
zaharrei ulertzeko balio duen edo ez jakiteko. Lehen kafetegian
entzundakoak nola hala ulertu ditu. Orain portuko bokalean da, portu
nagusi eta portu zaharraren arteko muga, ate edo aho horretan.
Haren alboan herriko gizon bat dago atsedentxoa hartzen. Ibiltxoan
dabilen batek zerbait diotso gizonari, honek “A !” esanez, “Ez nekien”,
“Horrela bai !” edo antzekoren bat esan nahi dio, uste du gazteak.
Oraingoan atrakatzen ari den itsasontzitik zerbait esaten diote gizonari.
Honek oraingoan, gaztearen harridurarako “E, ia !” diotso. Gizonak
“Hori horrela bada, ea gero zer gertatzen den” edo antzekoa
esan nahi du. Gazteak pokerzaleen aurpegia jarri du.
Kezkatzen hasita dago, bokalak besterik ez baititu entzuten.
Baina badirudi gauzak aldatzen ari direla.
Ondoan duen gizonak “zerbait” galdetzen dio itsasontzian denari,
kontsonanteak ere tartean direlarik. Erantzunaren ordez, uretatik galdera
dator, “E ?” esanez. Orduan moiletik zera entzuten da, “E, o !”. >>>

33

Gaztea nokau dago, aho bete hezur geratu da, portu zaharreko ate, aho,
bilbao edo bokale horretan entzundakoarekin. Ez du ezer ulertu,
apuntatzen ari da dena, euskaltegiko irakasleari bihar bertan azalpenak
eskatzeko. Ordutik, Bermeoko euskalkiari “bokalkia” esaten dio.

Urertzek – “Amaia, asko gustatu zait. Zure izena ere bokaletan blai”.
*

7. OPARIA

OLAGARROA

Izakirik maitaleena, amoranteena, olagarroa da. Zortzi besoz
besarkatzen eta zertzen eta hiru bihotzez maitatzen zaituelako.
Gure mihia ere plazerez urtzen da hura barruratzean.
Horregaitik beharbada, hemen amorrotsa ere esaten zaio.
Amorante onena izanik eta horrenbeste bihotzez eta besoz,
haren musuak ezinbestean zaratatsuak izan behar diralako.

*

ETXERAKO LANA – Eneko, zure biharko gaia, katua.

KATUAREN KONTUA
Iskiñarruaga izenez, baina “Katukale” ezizenez ezagunagoa zen kalean
gertatu zen katuarena. Jabeak katu madarikatuaren errezelua zuen,
haren ustez katua zen errezela aztakatu, iraulkatu, xixkatu, musukatu,
lamikatu, miazkatu, hazkatu, txatxamurkatu, tenkatu, koskatu, jankatu,
zanpakatu, ostikatu, zulokatu, xehakatu eta herenkatu egin zuena.
Errezelua zuen, errezelarena katu madarikatuaren kontua zela. Katua
izan behar zen, errezela kris-kras kraskatu eta tris-tras triskatu zuena.
Nor bestela ?.
Katu madarikatuak dena ukatu zuen eta KTU sindikatuko abokatu bati
deitu zion. Baina, katua izanik, idatzita zegoen, kasu hartan katua zen
inplikatutako bakarra, bekatua katuarena izan behar zelako.
Katuaren geroa, haren izanean eta izenean markatuta zegoen.
Katuen elkarteak gogor kritikatu zuen epaia, “Jokatu garbi katuarekin”
eta “Katua askatu !” oihukatuz. Epailea deskalifikatu, kaletarrak
zirikatu eta auzitegiko kristalak ere harrikatu zituzten. Katuarrainen
(mielken) asanbladak, aldiz, bedeinkatu egin zuen erabakia,
“Katua zigorkatu !” eta “Katua itsasora !” aldarrikatuz.
Katamixarrek, katagorriek, katajinetak, basakatuek eta katamotzek
bilera egin zuten Katumendin eta aho batez desmarkatu egin ziren,
beraiek ez zirela katu etxetiarrak esanez. Baserriko edo basoko
katu bat izan balitz, agian bai.
Epaimahaiko idazkariak klikatu eta klikatu ondoren, agiria atera eta
katuaren erruduntasuna komunikatu zuenean, katuaren kasua
bukatutzat eman zen. >>>

35

Epaileak katuari haren azken gogoa zein zen galdetu zion. Katuak
amaren urrezko katea eskatu zuen. Eman ziotenean, kokotean jarri,
zigor-gelako pantailatik zintzilikatu eta katua urkatu egin zen.
Epailea kalera irten eta etorbidea zeharkatu zuenean, kazetari bat
hurbildu zitzaion, “Epaiketa honek markatuko ahal du gero bat,
katu epaiketetan eredu bilakatuko al da ?” galdetuz.
Epaileak zera esan zion, “Barkatu baina nekatuta nago, berandu da eta
supermerkatura joan behar naiz”.
Katuaren hileta-mezan, abadeak katabutaren aurrean, “Bedeinkatua,
sakrifikatua, kruzifikatua” eta antzeko abar luze bat esan zituenean,
eliztarrak belaunikatu egin ziren, eta “Bukatu da katuaren kontua,
amen” esan zuenean, denak zutikatu eta bihozkaturik kaleratu ziren.
Katukalekoak markatuta geratu ziren katuaren kasuaz. Ordutik batzuk
“kolokatuta” daude, beste batzuk “deskolokatuta” bizi diren bitartean.
Zenbat “katu” agertzen dira ipuin honetan ?
Erantzuna, “Hondoan” izeneko azken atalean, (150.orr).
*

Irakasleak – “Mesedez, makur-katu zaitezte Enekoren aurrean.
Enekorena luzea izan denez, nire gaurko oparia laburtxoa da.
8. OPARIA - Ez duenak duenari eman diezaiokeen gauza bakarra, lotsa.
*

ETXERAKO LANA – Aintzane, zure etxerako lana, arrantzaleak.

ARRANTZALEAK
Itsasoa, garratza ta gozoa

Matxitxako parean sardinak arrantzatu, otzarekin Bakion hondartzaratu
eta neskamei etxez etxe saltzen ibilitakoak.
Arrain modurik ez eta Akatz irla eskalatu eta han untxiak
arrantzatutakoak.
Kanariar irletan, deskarga egunetan emaztearentzat zetazko galtzerdiak
erosten ibilitakoak.
Turista askok baino lehenago, Afrika edo Irlandako kostalde izugarriak
ezagutu zituztenak.
Arrankudiagako senar-emazte baten urrezko ezkontzetan jandako
legatza, Athletikeko fitxaketa bat egiten ari ziren bazkarian dastatutako
bisigua edo ostiral batean txokoan lagunarteko afarian jandako
txitxarroak arrantzatutakoak.
Madagaskar edo Seychelles irletara bidean, Parisko aireportuan
portatila eskuetan, emazteei edo lagunei emailak bidaltzen ari direnak.
Pazifikora doazela, sarritan Miamin miaketak direla eta, haien maletak
berregiten ibiltzen direnak.
Telebistetako albistegietan, Somalia, Boli Kosta edo beste edozein
urruneko munduekin lotuta agertzen direnak. >>>

37

Portuan prestatze lanak egiten ari direla, argazki artistiko baten
flasharen bidez, webguneren batean betirako digitalizatuak direnak.
Oraindik munduko itsaso guztiak euskaraz laztantzen dituztenak eta
non-nahi eta noiz-nahi milaka aldiz egunero,
“txo” berbari arnasa ematen diotenak.
Urertzek – Aintzane, “itsasobeteko” laburpena.
*

9. OPARIA

AZKEN MINUTUAREN ZAIN
Denak zeuden azken minutuaren zain. Klasea amaitzear zegoenean,
guztiek begiratzen zioten erlojuari irrikitan, ea zenbat minutu falta
ziren, Antxontxo eta irakaslearena entzuteko. Egun hartan, maisuki
azaldu zizkien Lévi-Straussen teoriak, mito, sineskeria eta abarrez.
Irakasleak hatz erakuslea altxatu zuenean, Antxontxok hartu zuen hitza,
eta denen harridurarako, “Alegia, Alegiko alegia egia al da ?” galdetu
zion. Irakasleak irribarrez eta patxadaz zera erantzun zion, “Alegia
bada, nahiz eta Alegikoa izan, ez da inoiz egia izango. Baina egia esan,
Alegian ere alegiak zeudenean, egiak ere gehiago zeuden”.
Batzuek gaur ere, hitzez hitz oroitzen dituzte minutu hartan esandakoak.
*

ETXERAKO LANA - Enrike, biharko gaia, aditzak.

BALDINTZEN ONDORIOAK

Iloba ikastolatik etorri bezain arin, zera esan zion amonari, “Amona, ni
futbolari famatua banintz, ez nintzateke zure laguna izango”. Atsoa
zurtuta geratu zen entzundakoaz. Umeak haren aurpegia ikusirik,
“Amona, lasai, baldintza-ondorio ariketa bat baino ez da”, gehitu zion.
Amonaren harridura han zegoen oraindik. Arnasa hartu eta amorru txiki
batez, “Ni aberatsa izan banintz, ez baldintza ez ondorio, ezta zuk aitona
Bakioko Honorio”, erantzun zion.
Amona askaria prestatzen hasi zen eta “Un ingles vino a Bilbao, por ver
la ría y el mar, pero al ver las bilbainitas, ya no se quiso marchar, vale
más una bilbainita, con su cara bonita, con su grasia y su sal, ………”
abestiarekin, berezko irribarrea berreskuratu zuen.
Gauean, aitona tabernatik etorri zenean, afaltzen hasi ziren. Amona
pentsakor zegoen, iloba aitona Honoriori begira; honek umeari
txantxetako keinu batez, “Messsi !” esan zion.
*

Jatetxean, Garbiñek Australian zegoen Lorearen mezua hartu zuen,
“Ur ertzean nago, jesarrita, negarrez, “Urertze” gogoan” zion.

39

Maisuak – “Enrike, irudipen handiko pasartea” esan zuen.
*

10. OPARIA

EZIZENA
Hegoaldean, kalean saltzen ibiltzen diren beltzei, “Iñaki” deitzen diegu,
iparraldean aldiz “Etxegarai” esaten diete. Krisi garai honetan, izango
da gure artean ere, Iñaki Etxegarai izen-abizendun saltzaileren bat,
beltzak pasatzen ari dena.

UGALDETXOA

Ilunabar euritsuan, menditik apalki jaitsitako ugaldetxoa,
itsasertz suhar eta infinituan barnetu eta ugaldu egin zen.
Geroztik, kaio artean, uhin-gailurretako zipriztin kresaltsuetan,
olgetan ari da, surflari iaio bat bailitzan,
egunsenti koloretsuari eta ur ahaideei irribarrez so.
*

ETXERAKO LANA - Iker, zuretzat biharko gaia, sekretuak.

BADUT SEKRETU BAT
…eta hau gogoratzeak itsasgoratu egiten nau.
Niretzat sekretu bat, izandako, ikusitako edo entzundako zerbaitetaz
biren arteko isiltasun paktu edo ituna da.
Izandako, ikusitako edo entzundakoaren protagonista edo testigua,
bakarra denean, diskreziozko isiltasuna da, ez sekretua.
Kasu bietan beti hirugarren bat kalteturik ez balego.
Biren artean baina hirugarren bat kaltetua izanez gero, gertatutakoaren
konplizeak ginateke. Beraz ez litzateke sekretua izango,
dena delakoaren sopikunak izango ginatekeelako.
Nire ustez, sekretua izateko, lagun kalteturik ez egoteaz gain, izandako,
ikusitako edo entzundakoa, gauza txikia izan behar da,
sekretuak orduan hartzen duelako handitasuna.
Eta sekretua izateko, ezinbestekoa baita biek adostutako erabakia,
paktu batez, izandako, ikusitako edo entzundakoaren isiltasuna
betirako izatea.
Sekretuak, akats, errakuntza edo hutsegite txiki edo hutsalak dira,
normalean barregarriak gainera. Sekretua zenbat eta txikiagoa mamiz,
orduan eta handiagoa garrantziz. Zailagoa delako gordetzea.
Sekretu handirik gabeko heriotzak ez du xarmarik. Beste lurraldera
zerbait eramateko, hobe gauza arina eta barregarria, hobe sekretu bat.
Aitatxo, badakizu orain kuriotsitatea nagusituko dela gure inguruan eta
sekretua jakiteko amorruz ibiliko direla. Baina badakit gure sekretua
ez dela sekula apurtuko, txikitasunaren handitasuna duelako.
Badut sekretu bat aitarekin, izugarrizko sekretua.

41

Urertzek – Jakin ezazue gauza bat. Ni gaztetan pilotaka ibilitakoa naiz,
Nafarroako txapeldunordea ere izandakoa. Gustukua nuen pilota,
baina barneko zerbaitek bultzatuta irakaskuntza aukeratu nuen.
Iker zure etxerako lana irakurtzerakoan, … ( ez zuen bukatu).
*

11. OPARIA

UR ERTZEAN

Klaseko azken minutuan, irakasleak beti luzatzen zien galdera bitxiren
bat eta denak zeuden haren zain. Egun hartan
asmakizun arraro baten itxura zekarren.
“Ni ninia banintz, zu edo hi zuhaitza bazina edo bahintz eta hura ura
balitz, nor edo zer besterik legoke ezinbestean gure inguruan ?”,
galdetu zuen irakasleak betiko irribarrearekin.
Denetik entzun zen eta irribarreak albo batera eta bestera eginez,
irakasleak ezetza adierazten zuen behin eta berriz. Antxontxo pentsakor
zebilen, baina halako batean, altxatu egin zen zera esateko, “Ninia, ura
eta zuhaitza diren inguraldean, niniak, uretan den zuhaitzaren isla,
itzala edo geriza besterik ezin du ikusi”.
*

ETXERAKO LANA - Itsaso, zure gaia, kasualitatea.

ZURI BEGIRA
Aitak nitaz idatzitakoa

Kasualitatea hegan dabil, atsedentxoa hartzen duenean
egiten ditu bereak.
Kapitolioa bisitatzen zeundeten, halako batean barruko atea ireki
zenean. Herriko euskeran, aho bete hezur, “Alabatxi beitu nor datorren
!”, edo antzekoren bat esango zenuten. Ezin sinistu aurrean zenuena.
Asteak zeraman karguan munduaren jabe uste zuenak. Oraindik ez
zekien Europa zer zen eta, kasualitatez, hango hizkuntzarik zaharrenean
ari ziren bi neska galant zituen aurrez aurre.
Flash, Bush zuri begira.
Ez dut ahaztuko orduan esan zenidana, “Aita, bera etorri da zuzenean
nigana eskua ematera eta ez alderantziz !”.
Lagunaren nebak esaten zuen bezala, “Munduko irribarre
dirdiratsudun neskatoa” izan zuen begien aurrean,
munduaren jabe uste zuenak.
Kasualitateak, jarri zituen aurrez aurre egia eta gezurra.
Biak mundialak.

43

Maisuak – “Gaurkoa ere ……” (eta atzo bezala, ez zuen bukatu).
Geroxeago zera esan zuen, “Gaurtik aurrera ez dut komentatuko zuen
etxerako lanak, jadanik badakizue nolakoa naizen eta”.
*

12. OPARIA

SEGUNDOA

Segundoa, "di-da" batean joaten zaigun denpora tartea da. Erlojuaren
"tik-tak"ak adierazten duen tartea, hobe esanda, bigarren "tak" horrek.
Hala ere, sarritan bat-batean eskumuturreko erlojuari begiratzean,
efektu optiko batez, segundoen orratza lotuta bezala ikusten dugu.
Orduan segundo hori, hurrengoak baino luzeagotxoa iruditzen zaigu.
Bizitzan ere, hainbat segundo bukaezinak edo ahaztezinak dira,
onerako edo txarrerako luzeagoak egiten zaizkigulako.
*

Arratsalde hartan, Unai “Fiti”k eta haren Ducatiak azken bidaia egin
zuten. Sollubeko bihurgunean izan zen.
*

ETXERAKO LANA – Izaskun, biharko gaia korapiloak.

Lana irakurri aurretik, Izazkunek zera esan zuen, “Gaurkoa zuretzat
Unai. Zure irribarrea ez dugu sekula ahaztuko, ezta motoa martxan
jartzerakoan esaten zenuena ere, “Bat, bi, full speed !”.

KORAPILOAK

Mundu guztian, eskoletan eta nagusien egoitzetan (zaharrak trapuak
baitira), egunaro milioika eta milioika jatordu ematen dira. Milioika eta
milioika aldiz jartzen zaie umeei eta nagusiei paparrean baberoa edo
adur-zapia. Zikindu, garbitu eta berriro soinera, mila milioika aldiz.
Zaintzaileek milioika eta milioika korapilo ematen dituzte egunaro
ume eta nagusien kokoteetan.
Munduan, egunaro, milioika ordu ematen dituzte zaintzaileek
korapiloak egiten. Baina, nolako korapiloak dira? Bai, ondo
egindakoak izango dira, sarritan kentzen ere kostatzen direnak.
Korapiloak, irristagarriak edo saltorapiloak izango balira, milioika ordu
izango lirateke libre egunaro, mundu guztiko umeei edo nagusiei laztan
bat edo musu bana emateko. Korapilo bat bizi guztirako eta kito.
Musuak, hasi Bermeon, gero Txinan, gero, gero, eta azken-azkenean
Chiapaseko Coapillako herrixkan. Han ere musu faltan baitaude.
Denbora korapiloan doakigu.
Azalpenak, “Hondoan” izeneko azken atalean, (151.orr).

45

Egun hartan, “Urertzek”, Unaien jesarlekutik eman zituen opariak.
*

13. OPARIA

MODA KONTUAK
Bilobak modaz hizketan ari ziren, Milango pasarela,
italiarren diseinuak, koloreak eta abar.
Haien ondoan zegoen amonak, josteari utzi gabe zera esan zien,
"Bai, gerra sasoian ere, italiarrak izan ziren
patata moreak ekarri zituztenak".

HITZEN KONTRAESANAK
“Banandurik" dena batera idazten da,
aldiz, "dena batera" banandurik.

HAN BIZI NAHI
Egunero joaten zen kuadro hura ikustera, museoko atezainak ere ohikoa
zuen goizero hari txartela ematea. Baina gizona egunetik egunera
nabarmen laburtzen, urritzen eta lermatzen zihoan.
Behin, kasualitatez, atezainak eguneko azken errepasoa egiterakoan,
gizona kuadro hartan oliotuta, txertatuta ikusi zuen. Atezaina zur eginda
geratu zen, kuadroa oraindik ederragoa iruditu zitzaiolako.
*

ETXERAKO LANA - Joseba, norbait hil zaizu.

GOIZALDEA

Goizaldea da,
aita ohean oker-oker eginda
“Min ama!” esan ahalean dago.
Amak aitaren besoa gozoki igurtziz, laztanduz
mina kentzen dio,
nahiz eta medikuaren esanetan
mina sendaezina izan

AZKEN EGUNAK

“Min seme” oihukatzen zenidan,
nire eskua laztantzean,
nire barrua astintzean,
“laster erretiratuko naiz” esan zenidan,
inoiz ahaztuko ez dudan trantzean.

47

Josebak esandakoa, bizi izandakoa zenez, malkoak ugari izan ziren.
*

14. OPARIA

KARDABERAZ

Agustinen "Euskeraren berri onak" liburuan, gazte bi tirabiran,
bat bizkaitarra eta bestea gipuzkoarra.
Batek, Gaz, gaz, gaz,….besteak, Kin, kin, kin, ….
Idazle hernaniarrak (1703) ez zuen ezagutu, ez euskara batua,
ez hegazkina, ezta ginkasa ere.

CARRARAKO HARRINABARRA

Harrobiko hargin gurgarri hura, harrituta zegoen harri hari begira.
Harrigarria, zoragarria, beldurgarria zen,
baina zizelkatzeko arriskutsua.
Hala ere hargin gurgarri hark, harrobiko harri beldurgarri, zoragarri eta
harrigarri hartatik, izugarrizko armarria atera zuen. Ikusgarria.
*

ETXERAKO LANA – Markel, zure gaia muturreko bakardadea.

BUTAKA ZAHARREAN

Atea jo eta ireki egin zuen.
Baina kasu hartan,
erantzunak aurrea hartu zuen.
Irribarre lotsatiaz
barrura sartu eta berriro ere
egongelako butaka zaharrean,
hurrengo ate-jokaren zain geratu zen.
Oraindik lotsati,
hatz koskorrekin
aurrean zuen mahaitxoa jo zuen
eta orduan bai, beti bezala
galderak izan zuen lehen hitza.
Bakardadearen egongelan,
butaka zaharrean,
hurrengo ate-jokaren zain.

49

Jatetxean norbaitek zera esan zuen, “ Joseba, gaurkoa amaitzen
denean, bildu egizuz paper guztiak eta datorren urterako
egizu bilduma bat edo antzerako zerbait”.
*

15. OPARIA

ETIKAREN ITXURA
Unibertsoko emakumerik galantena, etika da. (Saramago)
Etikaren Unibertsoko galantena, emakumea da.
(Urertze)
Azkena idatzi zuenean, denak elkarri begira zeuden.
Nola zekien ezizenarena? Urertzek, arbelean hurrengo oparia idazten
ari zen bitartean, “Enteratu naiz eta harro nago” esan zuen.

HITZ BITAN
Esan bezala,...
*

Amaitu zuenean, atzealdean jesartzen ziren Itsaso eta Eneko txaloka
hasi ziren, gero ahobeteko BIK HAIN !, BIK HAIN ! entzun zen.
Urertzek, “Isilago mesedez !” esan zuen.
*

ETXERAKO LANA – Olatz, biharko zure lana, atzerritarrak.


Documentos relacionados


Documento PDF hirurehun mamiazala azkena ipad 1
Documento PDF formakuntza eskaintza
Documento PDF urertzeko mamarrua
Documento PDF p ginas desdeob ocu 2014 2015 1 1
Documento PDF bater as de litio 1
Documento PDF pe as negras tr ptico 2018


Palabras claves relacionadas